Zer da filosofia?

marzo 30, 2010

Filosofia zer den ulertzeko Sofiaren Mundua liburutik ateratako testu bat erabiliko dugu.

Liburuaren idazlea Jostein Gaarder da. Jostein Gaarder (Oslo, 1952) hamaika urtez aritu zen Bergen-eko lizeo batean Filosofia eta Ideien Historia irakasten. 1986an Diagnostikoa argitaratu zuen, kontaketa-bilduma, eta horren atzetik gazteentzako bi liburu etorri ziren: Sukhavatiko neska-mutilak (1987) eta Igelaren palazioa (1988). Baina Sofiaren mundua (1991) izan zen Europako idazlerik arrakastatsuenetakoa bihurtu zuena, eleberri hau zenbait herrialdetan erabateko best-seller bihurtzeaz gain hamabost hizkuntza baino gehiagotara itzulia izan baita.

Zer da filosofia ?

Pertsona askok zaletasun desberdinak dituzte. Batzuek antzinako txanponan edo zigiluen bildumak egiten dituzte; beste batzuei esku-lanak gustatzen zaizkie; eta beste batzuek beren aisialdi gehiena kirolen bat egiten ematen dute.

Askori irakurtzea ere gustatzen zaie. Baina irakurgaiak mota askotakoak izan daitezke. Batzuek egunkariak edo kominikiak bakarrik irakurtzen dituzte; beste batzuei eleberriak gustatzen zaizkie; eta beste batzuek nahiago dituzte gai desberdinei buruzko liburuak, adibidez astronomia, fauna edota asmakuntza teknologikoei buruzkoak.

Nahiz eta niri zaldi edo harribitxiak interesatu, beste guztiei ezin diet nire interes berdinak izatea eskatu. Telebistako kirol-emanaldi guztiak arreta handiz jarraitzen baditut ere, onartu beharra daukat beste batzuek kirola aspergarritzat jotzea.

Ba al dago, ordea, mundu guztiaren interesa bereganatu beharko lukeen zerbait? Edonor eta munduko edozein lekutan bizi dena izanik ere, ba al dago gizaki orori axolako zaion zerbait? Bai, badaude mundu guztiaren arreta jaso beharko luketen zenbait gai.

Bizitzan zer da garrantzitsuena? Goseak amorratzen dagoen norbaiti galdetzen baldin badiogu janaria dela erantzungo digu. Galdera bera hotzak dagoen norbaiti eginez gero erantzuna berotasuna izango da.

Baina behar horiek guztiak asetuta, ba al dago oraindik mundu guztiak beharko duen zerbait? Filosofoen ustez bai. Hauen ustez, gizakia ez da ogiarekin bakarrik bizi. Argi dago mundu guztiak jan beharra daukala. Halaber, mundu guztiak behar ditu amodioa eta arreta. Baina badago mundu guztiak behar duen beste zerbait. Nor garen eta zergatik bizi garen galderen erantzunak aurkitu behar ditugu.

Beraz, zergatik bizi garen arduratzea ez da adibidez zigilu-bilduma egitea bezain halabeharrezko edo ustekabeko zaletasuna. Horrelako gaiekin arduratzen dena planeta honetan bizi direnetik gizakien arreta jaso duen zerbaitengatik arduratzen ari da. Adibidez, azkenengo neguko joku olinpikoetan nork irabazi zituen urrezko domina gehien galdetzea baino askoz garrantzitsuagoa da unibertsoa, planeta eta bizia hemen nola jaio diran jakin nahi izatea.

Filosofiara hurbiltzeko erarik aproposena galdera filosofiko batzuk egitea da:

Nola sortu zen mundua? Gertatzen denaren atzean ba al dago inolako borondate horrelako arazoak? Eta batez ere: nola bizi behar dugu?

Garai guztietan, gizakiek horrelako galderak egin izan dituzte. Gizakiak nortzuk diren eta mundua nondik datorren jakiteaz arduratu ez den kulturarik ez da ezagutzen.

Egia esan, geure buruari egin diezazkiokegun galdera filosofikoak ez dira hainbeste. Garrantzitsuenetako batzuk dagoeneko aipatu ditugu. Hala ere, eginak ditugun galdera bakoitzarentzat historiak erantzun desberdin asko erakusten dizkigu.

[Jostein Gaarder "Sofiaren Mundua"]

Testuari buruzko galderak:

1.- Zer esan nahi du etimologikoki filosofiak? Zer esan nahi du Sofiak?

2.- Zer da inportanteena bizitzan? Zure ustez, eta testuaren arabera.

3.- Atera itzazu testuan agertzen diren galdera filosofikoak. Asmatu zuk beste batzuk.

4.- Zein da filosofiaren ezaugarri nagusia? Zergatik?


Seguir

Recibe cada nueva publicación en tu buzón de correo electrónico.